Eraldaketa digitala gure egunerokoan presente dago, eta baita gure jardun profesionalean ere. Gizarte Lana ere ez da errealitate horretatik kanpo geratzen: informazioa kudeatzea, esku-hartzeak erregistratzea, kasuen jarraipena egitea, txostenak egitea edo datuak aztertzea profesional askoren egunerokoaren parte da. Testuinguru honetan, gaitasun digitalak garatzeak ez du esan nahi soilik tresna teknologikoak erabiltzen ikastea. Horrek ere badakar informazioa behar bezala antolatzen, aztertzen eta erabiltzen jakitea, tresna erabilgarrienak hautatzea eta haien aukerak zein mugak ulertzea.
Teknologia esku-hartze sozialaren zerbitzura
Excel bezalako tresnek kasuen antolaketa eta jarraipena, datuen analisia, adierazleen elaborazioa edo txosten eta grafikoen sorrera erraztu ditzakete. Ondo erabilita, prozesu jakin batzuk optimizatzeko aukera ematen dute, eta esku-hartze profesionala eskatzen duten zereginetara denbora gehiago bideratzeko.
Teknologiak ez du ordezkatzen ez esperientzia, ez irizpide profesionala. Datuak erabakiak hartzeko laguntza-tresna gisa ulertu behar dira, ez Gizarte Lanaren begiradaren ordezko gisa.
Automatizazioak ere lagun dezake zeregin errepikakorrak sinplifikatzen, akatsak murrizten eta denboraren kudeaketa hobetzen. Hala ere, ez da dena automatizatu behar: funtsezkoa da analisia, erantzukizuna eta harreman profesionala eskatzen dituzten prozesuak zaintzea.
Adimen Artifizialak (AA) ere aukera berriak ekartzen ditu informazioarekin lan egiteko, edukiak sortzeko edo prozesuak automatizatzeko, baina begirada kritikoa ere eskatzen du. Beharrezkoa da haren mugak ezagutzea, emaitzak berrikustea eta balizko alborapenei arreta berezia jartzea. Pertsonen inguruko informazioarekin lan egiten denean, datuen babesa, konfidentzialtasuna, segurtasuna eta eskubideak beti presente egon behar dira.
Gizarte Lanean teknologia txertatzeak ikuspegi etiko eta eskubideetan oinarritutik egitea dakar, kontuan hartuta datu bakoitzaren atzean pertsonak eta errealitate sozial zehatzak daudela.
Ikasten jarraitu, aurrera egiten jarraitzeko: Gizarte Lanari aplikatutako Excel
Horregatik guztiagatik, Elkargotik Gizarte Lanari aplikatutako Exceli buruzko online prestakuntza espezifiko bat antolatu da, 6 moduluz osatua:
- Kasuen kudeaketa eta erregistroak: urriaren 21ean eta 28an (4 ordu).
- Jarraipena, alertak eta adierazleak: azaroaren 10ean eta 17an (6 ordu).
- Informazioa bilatzea, alderatzea eta gurutzatzea: urtarrilaren 19an eta 26an (6 ordu).
- Zeregin errepikakorrak automatizatzea: otsailaren 16an eta 23an (6 ordu).
- Txostenak, grafikoak eta emaitzen komunikazioa: martxoaren 2an eta 9an (6 ordu).
- Adimen artifiziala aztertzeko, ebazteko eta ikasteko: apirilaren 6an eta 14an (6 ordu).
Digitalizazio-prozesuan atzean geratu nahi ez dugulako.


