Urriaren 1a | Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna
Data honek aukera ematen digu gelditu eta hausnartzeko nola ulertzen dugun zahartzea eta, batez ere, zer gizarte eraiki nahi dugun pertsona guztientzat, zahartu ahala. Zahartzeari eskubideen ikuspegitik heltzeak esan nahi du bizitzako etapa hau mendekotasunera, gaixotasunera edo zaintza-beharrera mugatzen duten begiradak gainditzea. Adinekoak, lehenik eta behin, eskubideen titular diren pertsonak dira, gaitasunekin, nahiekin, proiektuekin, esperientziekin eta beren bizitzei buruz parte hartzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunarekin.
Zahartzeak ez du esan nahi parte hartzeari, erabakitzen jarraitzeari edo gizarteari ekarpena egiteari uztea. Aitzitik, berdintasun-baldintzetan gizartearen parte izaten jarraitzea esan nahi du, autonomiaz, duintasunez eta aitortzaz.
Zahartzea, eskubideen auzi gisa
Bizi-itxaropenaren hazkundea gure garaiko eraldaketa sozial handienetako bat da. Baina urte gehiago bizitzeak, ezinbestean, duintasun, ongizate eta parte-hartze baldintzetan bizitzeko aukera ere ekarri behar du.
Horrek erronka sozial garrantzitsuak planteatzen dizkigu: autonomia eta erabakitzeko gaitasuna bermatzea, nahi ez den bakardade egoerak prebenitu eta lantzea, adinagatiko diskriminazioari aurre egitea, komunitatean parte hartzea sustatzea, beharrezko baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzea eta ingurune irisgarri, inklusibo eta seguruak bultzatzea.
Horrek, gainera, arreta jartzera behartzen gaitu bizi-ibilbideak zeharkatzen dituzten desberdintasunetan. Pertsona guztiak ez dira baldintza beretan zahartzen, ezta aukera, babes edo baliabide berak ere. Generoak, egoera sozioekonomikoak, desgaitasunak, bizilekuak, laguntza-sareek edo lan- eta etxebizitza-baldintzek, besteak beste, nabarmen baldintza dezakete zahartzea nola bizi eta nola aurre egiten zaion.
Horregatik, zahartzeari buruz hitz egitea ekitateaz, gizarte-eskubideez, zaintzez, parte-hartzeaz eta komunitateaz hitz egitea ere bada.
Gizarte Lana, zahartzearen erronken aurrean
Testuinguru honetan, Gizarte Lanak funtsezko zeregina betetzen du. Adineko pertsonekin egiten den esku-hartze sozialak begirada integrala eskatzen du, beharrak ez ezik, pertsona bakoitzaren gaitasunak, lehentasunak, harremanak, ingurunea eta bizi-proiektua ere kontuan hartuko dituena.
Gizarte Lan Gerontologikotik pertsonei laguntzen zaie zahartze-prozesuetan, autonomia eta gizarte-partaidetza sustatzen dira, laguntza-sareak indartzen dira, isolamendu- eta zaurgarritasun-egoerak prebenitzen dira eta arrisku edo babesgabetasun egoeren aurrean esku hartzen da.
Baina Gizarte Lana ez da banakako laguntzara mugatzen. Familietan, komunitateetan, erakundeetan eta gizarte-babeseko sistemetan ere esku hartzen du, desberdintasunak identifikatzen, erantzunak sortzen eta eskubideen egikaritze eraginkorra errazten duten eraldaketak sustatzen lagunduz.
Dimentsio profesional hori bereziki garrantzitsua da une honetan, aldaketa demografiko eta sozialek erronka berriak planteatzen baitizkiete politika publikoei, zaintza-sistemei eta gizarte-zerbitzuei.
Gizarte Lan Gerontologikoko Foroa: ezagutza, hausnarketa eta konpromiso profesionala
Elkargotik, ulertzen dugu erronka horiei erantzuteko beharrezkoa dela, halaber, zahartzearen esparruan Gizarte Lanaren espezializazioa eta ekarpena indartu eta ikusgai egitea.
Konpromiso horren baitan kokatzen da Elkargoko Gizarte Lan Gerontologikoko Foroa, topaketa, hausnarketa, ikaskuntza eta esperientzien trukerako gune profesional gisa pentsatua.
Foroak ezagutzak eta praktikak partekatzeko aukera ematen du, adineko pertsonekin esku-hartze sozialak planteatzen dituen erronkak aztertzekoa eta Gizarte Lanetik proposamenak kolektiboki eraikitzea sustatzekoa. Gainera, gure lanbideak adinekoen eskubideak, autonomia eta parte-hartzea sustatzean betetzen duen rola balioan jartzeko gunea da.
Hausnarketa profesionalerako guneak sortzea funtsezkoa da gero eta oinarrituagoak, etikoagoak eta pertsonetan zentratuagoak diren esku-hartzeetara aurrera egiteko. Era berean, gure biztanleriaren zahartzearekin batera datozen aldaketa sozialen aurrean ezagutza eta proposamenak ekartzeko gai den lanbidea indartzeko ere bai.
Eskubideekin zahartzea. Ahotsarekin zahartzea. Duintasunarekin zahartzea.
Izan ere, gizarte batek adinekoak nola zaintzen, nola laguntzen eta nola aitortzen dituenak asko esaten du den gizarteaz eta, batez ere, izan nahi duen gizarteaz.




