Nafarroako Gizarte Langintzako Elkargoaren Prestakuntza Batzordea 2026ko prestakuntza-planean ari da lanean
Nafarroako Gizarte Langintzako Elkargo Ofizialeko Prestakuntza Batzordea berriki bildu da, datorren urteko prestakuntza-plana diseinatzen jarraitzeko. Tresna hori funtsezkoa da elkargokideen etengabeko garapen profesionalean laguntzeko eta Gizarte Langintzaren jardunari eragiten dioten eraldaketa sozial, instituzional eta etikoetara egokitzeko.
Batzorde hau hausnarketa kolektibo eta estrategikorako espazioa da, eta bertan aztertzen dira lanbidearen behar berriak, esku-hartze arlo ezberdinetan ditugun erronkak eta jardun profesional sendo, eguneratu eta konprometitu bati eusteko indartu beharreko gaitasunak.
Prestakuntza bizia eta errealitate sozialarekin konektatua
Prestakuntza-planaren ikuspegia oinarri argi batean dago: prestakuntza errealitate profesionalaren zerbitzura egon behar da. Ez da soilik ezagutza teknikoak pilatzea, baizik eta testuinguru sozialen ulermen kritikoa sustatzea eta ikuspegi etiko, eraldatzaile eta eskubideetan oinarritutik jarduteko gaitasunak sendotzea.
Ildo horretan, Batzordeak prestakuntza bizia, malgua eta testuingururatua proposatzen du, gizarte, teknologia eta araudi aldaketak barneratuko dituena eta, aldi berean, profesionalen eskaerei zein gizarte-babeseko sistemetan antzemandako beharrei erantzuna emango diena.
Aztertzen ari diren arloek barne hartzen dituzte bai gaitasun teknikoak —esku-hartzearekin, kudeaketarekin eta plangintzarekin lotutakoak—, bai gaitasun zeharkakoak, hala nola komunikazioa, ebaluazioa, bitartekaritza, lanbide arteko koordinazioa eta komunitate lana. Era berean, gaitasun digitalen sendotzea ere aurreikusten da, gero eta teknologikoagoa den testuinguru batean ardatz estrategikoa baita.
Prestakuntza prozesu kolektibo eta etiko gisa
Prestakuntza ez da ulertzen prozesu indibidual huts gisa, baizik eta komunitate profesionala sendotzen duen esperientzia partekatu gisa. Ikaskuntza kolektiboko espazioetan, gizarte-langileek ezagutzak, ikuspegiak eta esperientziak trukatzen dituzte, lanbideari elikadura ematen dion ezagutza praktiko eta hausnartua sortuz.
Prestakuntzak, era berean, lanbidea zaintzeko modu bat ere bada: esku-hartze kalitatezkoa eta ingurune-aldaketetara egokitua mantentzea ahalbidetzen du, eta Gizarte Langintzaren printzipio etikoekin konpromisoa berresten du —justizia soziala, giza duintasuna, ekitatea eta gizarte-eskubideen defentsa—.
Etorkizunera begira
Nafarroako Gizarte Langintzako Elkargo Ofizialetik, prestakuntza jarraitu, kritiko eta eraldatzailearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu; ez bakarrik elkargokideen gaitasunak sendotzeko, baizik eta gure garaiko erronkei aurre egiteko prestatuago, hausnartuago eta konprometituago dagoen Gizarte Langintza eraikitzeko.


